LAUDIO

Prentsa Aretoa

2022/10/04

EAJ-PNV Laudio ilusioz eta indarrez joan da Alderdi Egunera, herritarren erronka eta beharrei erantzuten jarraitzeko

EBBren presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Bea Berlanga EGIkideak hitz egin dute gaur talde jeltzalearen jai nagusian. Gaur 46. Alderdi Eguna egin da eta bere betiko izaera jendetsua berreskuratu du jai giroan

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV Laudio ilusioz eta indarrez joan da Alderdi Egunera, herritarren erronka eta beharrei erantzuten jarraitzeko

ARGAZKIA JAITSI

“San Inazio Egunean eta Zarautzen argi baino argiago adierazi genuen Pedro Sánchezen Gobernuaren aurrean zer jarrera daukagun, eta gaur berretsi egiten dugu jarrera hori. Borondate politikoa falta da. Konpromiso askok jarraitzen dute bete gabe, denborak aurrera egiten du eta emandako hitza bete behar da, guk Kongresuan eta Senatuan bozkatzen dugun bakoitzean egiten dugun bezala. Eta, tamaina horretan utziko dut, interpretazio edo elukubrazio gehiago egin ez daitezen. Espainiako politika bi bloke antagonistetan zatituta dago, apur bat ozenago hitz egiten baduzu, beti agertzen da beste alderdira joaten hasi zarela esaten duenik. Bada, argi baino argiago gera dadila EAJk alde bakarra duela: Ebro ibaiaren iparraldean dago eta Euskadi deitzen da. Ez Sánchez ez Feijóo: Euskadi eta Euskadi besterik ez”. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek txalo zaparrada beroa atera die gaur, euripean eta hotzari aurre eginez Forondara 46. Alderdi Eguna ospatzera joan diren milaka alderdikide eta alderdizaleei. Jai hau formatu murriztuan egin behar izan zen 2020an eta 2021ean pandemiaren ondorioz ezarri behar izan ziren murrizketengatik, baina gaur goizean bere ohiko formatua berreskuratu du, berriro ere jai jendetsu eta alaia izanez. Ortuzarrek eman dio amaiera Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bea Berlanga EGIkidea ere hizlari izan dituen ekitaldi politikoari. Hitza hartu duenean, Urkulluk baieztatu du Euskadi prest dagoela hemendik aurrera planteatuko diren erronkei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko gainerako erakundeekin daukan elkarlan giro emankorrari esker. Kolaborazio horren fruitu dira, esaterako, elikagaien eta energiaren prezioen igoera arintzeko hartuko diren neurriak. “Aurrera egingo dugu elkarrekin lan egiten badugu”, baieztatu du Lehendakariak.

Agintarien ohiko desfilearen ondoren eta ‘Eusko Abendaren Ereserkia’ himnoa abesten zen bitartean Ikurrina jaso ondoren, minutu bateko isilunea egin da Covid-19aren pandemian zendu diren pertsona guztiak gogoratuz. Alderdi Egunera etorri dira Katalunia, Kanariar irlak, Galiza, Illes Balears, Flandria, Bretainia, Okzitania, Frantzia, Txile, Szekler, Georgia, Kosovo, Angola eta Biokoko ordezkari eta lagunak. Halaber,Ukrainako bandera bat agertu da Forondako pantaila erraldoian eta Ortuzarren hitz batzuen bidez adierazi da EAJ-PNVk Errusiak inbaditu duen nazioarekin aldarrikatzen duen elkartasuna.

Ortuzarrek bere hitzaldia hasi du EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizaleei bere esker onik beroena adieraziz, eguraldi kaxkarrarekin ere eta bi urtetan betiko Alderdi Eguna egin gabe egon ondoren Forondako hitzordua galdu ez dutelako. “Mila esker beti hor egoteagatik, oztopoak oztopo, aurrera egiteko behar dugun indarra emateagatik. Orain etengabe ari gara energiaz eta horniduraz gabetzeaz hitz egiten, baina Alderdi honek ez dauka arazo hori, zuek zaretelako gure energia, energia amaigabea, gure hidrogeno berdea, energia garbi eta iraunkorra”, baieztatu du saltsa politikoan sartu baino lehen. Ortuzarrek azaldu du iragan astean Alberto Nuñez Feijóo Partido Popularraren presidenteak deitu ziola hemendik eta lasterrera bilera bat egiteko. Zentzu horretan, batzuek topaketa honen inguruan puztu duten suflea jaitsi arazi nahi izan du Ortuzarrek, bere esanetan ohiko protokoloan baino ez delako kokatu behar. “Behingoz, arrazoia eman behar diot Abascali, aldi berean Vox-en eta EAJ-ren botoekin gobernatu ezin delako. Horrela da: guk, fatxekin, ezer ere ez. Ezer ere ez!”, baieztatu du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi du Euskadi prest dagoela gizarteak aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Ziurgabetasunaren eta paralisiaren aurrean, Urkulluk ekintzara deitu ditu herritarrak. “Ekintza demografiak, energiak edo teknologia berriek planteatzen dituzten erronkei aurre egiteko. Ekintza kalitate handiagoko enplegu gehiago sortzeko erronkari aurre egiteko: Euskadi Talent, Lanbide Heziketa Duala, Unibertsitatea gehi Enpresa. Euskadi prestatuta dago. Euskadi prest dago”, baieztatu du. Lehendakariak era berean berretsi du Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek hurbiletik jarraitzen dituztela hiritarren eskari eta beharrak, elkarlanean eta elkarrekin lan eginez, eta neurriak proposatuz krisiaren, gerraren eta inflazioaren ondorioak arintzeko. Horregatik, Urkulluk nabarmendu du laguntza sozialak areagotuko direla, familien zama fiskala arinduko dela, bereziki egoera txarrenean daudenena, eta berehala neurriak hartuko direla elikagaien eta energiaren prezioaren igoera arintzeko.

Emilio Olabarria Bloga