LAUDIO

Prentsa Aretoa

2025/05/07

EAJ-PNVk, OMNIAk eta PSE-EEk ez dute parte hartuko HAPOri buruzko auzo-batzarretan

Oposizioko taldeek gogorarazi dute osoko bilkurak martxoan onartu zituela Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean parte-hartze eraginkorra izateko baldintzak

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk, OMNIAk eta PSE-EEk ez dute parte hartuko HAPOri buruzko auzo-batzarretan

ARGAZKIA JAITSI

Laudio, 2025eko maiatzaren 6a. - EAJ-PNV, OMNIA eta PSE-EE udal taldeek erabaki dute Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapena aurkezteko Gobernu Taldeak hilabete honetan deitu dituen auzo-batzarretan ez parte hartzea. Erabaki horren oinarrian dago joan den martxoan osoko bilkurak onartutako mozioa, HAPOren berrikuspenean parte-hartze eraginkorra bermatzeko beharrezko urratsak ezartzen zituena.

Mozio horretan, hiru taldeek adierazi zuten ez zeudela ados Gobernu Taldea prozesua kudeatzen ari den moduarekin, Udalean ordezkaritza duten alderdiekin aldez aurretik adostu ez den dokumentu bat herritarren parte-hartzearen mende jarri nahi zutelako. Adostasun falta horrek, orduan salatu zutenez, arriskuan jartzen du HAPO berrikusteko prozesua bera.

Gainera, oposizioak ohartarazi zuen akordio politikorik gabeko dokumentu bat aurkezteak dokumentu hori etorkizunean onartzea zailtzeaz gain, itxaropen faltsuak eta herritarren artean nahasmena sor ditzakeela. Horregatik, osoko bilkurak onartutako mozioak tokiko gobernuari eskatzen zion lantalde egonkor bat osa zezala, alderdi guztien eta Plana idatzi zuen taldearen parte-hartzearekin, edozein parte-hartze prozesu ireki aurretik.

Ondorioz, EAJ-PNVk, OMNIAk eta PSE-EEk berretsi dute ez dutela deitutako batzarretan parte hartuko udalbatzan demokratikoki adostutakoa betetzen ez den bitartean.

Era berean, hiru udal taldeek ohartarazi dutenez, "batzar horietan aurkeztuko den dokumentua zirriborro bat baino ez da, EH-Bilduko gobernu taldearen proposamenak soilik jasotzen dituena, udal ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoen adostasunik eta ekarpenik gabe". Uste dute auzotarrak oinarri komunik gabeko dokumentu baten partaide egitea parte-hartze faltsuko ariketa bat dela.