LAUDIO

Prentsa Aretoa

2020/10/22

Legebiltzarraren ahobatezko babesa jaso du EAJ-PNVk Aiaraldearen eta Bizkaiko hainbat udalerriren egoera ekonomikoa aztertzera begira

Eusko Legebiltzarrak Aiaraldearen garapen sozio-ekonomikoa bultzatzera begira aurreko legealdian hasi zituen lanei helduko die berriz, Mikel Arruabarrenak aditzera eman bezala “pandemiaren eraginez eskualde horretako industriak okerrerako bidea hartu duela ikusirik”. Arruabarrenak gaineratu duenez “Erakundeekin lan egingo dugu Euskadin herrialde eta eskualdeen arteko garapen orekatua lortzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak  aho batez  eta Eusko Jaurlaritzari babesa ematen dioten taldeen proposamenez adostu du gaur Lantalde bat eratzea  Arabako Aiaraldea eta Urduña, Orozko,Arrankudiaga eta Arakaldo Bizkaiko udalerriak ekonomikoki suspertzen eta biziberritzen laguntzeko. Aurreko legealdian Ganberak antzeko lantalde bat eratu zuen, baina koronabirusaren krisiak eta hauteskundeek lan horiek etetea ekarri zuten. Gaur, Ganberako talde guztiek babesa eman diote berriro EAJ-PNVren eta PSE-EEren izenpearekin aurkeztu den ekimenari, azkenean EH Bildurekin  adostu denari.

Ekimenaren defentsan, Mikel Arruabarrena legebiltzarkide jeltzaleak baieztatu du gaur egun eskualde horietan bizi den egoera are larriago bihurtu dela Covid-19aren eraginez, bereziki tutuen industriari dagokionez. Horregatik da beharrezkoa “alderdi ekonomiko eta sozialetik suspertzen eta biziberritzen lagun dezaketen neurriak aztertzea eta adostea”. Zentzu berean gaineratu du EAJ-PNVk gogor ekingo diola “denon artean eredu produktiboa etorkizuna izan dezaketen sektoreetara eramateko, eskualdean gaur egun ematen diren aukerak aintzat hartuta, eta ez dira gutxi”. Arruabarrenak berretsi du  arlo honetan berebizikoa dela gainerako erakundeekin lan egitea, abian jar daitezkeen planak eta estrategiak arrakastatsuak izan daitezen. Hala, Aldundi  eta Udalekin lan egingo da, baita Eusko Jaurlaritzarekin ere “Legebiltzar honetatik irten daitezkeen neurriak erakunde horiek abian jarri beharko dituztelako. Lankidetza landuko dugu lehenago, ondorioak aurkeztu aurretik” .

EAJ-PNVko legebiltzarkideak gogora ekarri ditu Iñigo Urkulluren Gobernuak legealdi honetarako ezarri dituen helburuetako batzuk; langabezia tasa %10etik jaistea eta zerbitzu aurreratuen industriari %40etik gorako garrantzia ematea,besteak beste. Helburu horiek lortu beharra dago, gaineratu du, era homogeneoan, desorekarik gabe eta inor atzean utzi gabe. “Euskadin herrialdeen arteko garapen orekatua izan behar dugu, eta helburu horretara bideratuko ditugu gure esfortzuak” .

Eusko Jaurlaritza ere kezkatuta dago pandemiak eskualde horietako enpleguetan ekarri dituen ondorioekin, udan eskualde horretako alkateekin batzartu baitziren eskualdea alderdi ekonomiko eta sozialetik biziberritzeko estrategia bateratua bultzatzeko. “Konpromisoa izango da elkarren eskutik aurrera egitea  Arabako Aiaraldean eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldon garatu beharreko jarduerak zehazteko. Eskualde horietan langabeziak gora egin du nabarmen, Bizkaian Ezkerraldeko eskualdean eta Gipuzkoan Oarsoaldean gertatu den modu berean”.

Aiaraldea eta Bizkaiko hainbat herrialdeen berreskuratzeari buruzko erdibidekoa

Emilio Olabarria Bloga