LAUDIO

Prentsa Aretoa

2020/06/29

"Etorkizunerako proiektua izango duen Jaurlaritza sendoa" eskaintzen die Urkulluk euskal herritarrei "gaur bizi dugun egoera latzari" aurre egingo diona

Laudion egin den ekitaldian, “mobilizatzera” deitu ditu Ortuzarrek EAJ-PNVko alderdikideak, eta inkestek eragin lezaketen “somnifero efektuaren kontra” ohartarazi nahi izan ditu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Gaurko egoera gogorra da, oso gogorra. Gobernu sendoa behar dugu, eskarmentuduna, duda-mudatan egongo ez dena, ibilbide orri ekonomiko eta soziala eramango duena, Euskadirentzat etorkizunerako proiektua eskainiko duena. Horregatik, bost kausa komun proposatu ditugu: akordioak Osasunaren alde, Berrikuntzaren alde; Gazteriaren alde; Klimaren alde eta Enpleguaren alde”. Iñigo Urkullu Lehendakari, Arabako zerrendaburu eta lehendakarigaiak euskal herritarrei eskatu die gaur beren konfiantza EAJ-PNVrengan jar dezatela, Jaurlaritza jeltzalearen bidez Euskadik berme guztiekin hel diezaion bidean datorren krisi ekonomiko gogorrari aurre egiteko lanari. Urkulluk mezu hori zabaldu du Laudiotik, Aiarako bailarako herri nagusitik, herri hau krisien aurrean eredugarria izaten jakin dela nabarmenduz, 1983ko uholdeetatik azken hilabeteotan bizi izan dugun pandemiaraino, eskualde osoan bizi diren zailtasunak eta industriaren itxierak barne . Ekitaldia ireki du Estibaliz Larrauri Arabako hautagaiak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteari egokitu zaio amaierako hitzak esatea. Ortuzarrek alderdikideei ohartarazi ditu talde jeltzaleari garaipena iragartzen dioten inkestek izan dezaketen “somnifero efektuaren” kontra.

“Euskal gizarteak jakin daki zertaz ari garen”, esan du Urkulluk. “Badaki Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa bete egiten dela. 2012an eta 2016an egin genuen. Aurrekontu bakoitzean gizarte politiketarako baliabideak igo ditugu. Lau eurotik hiru bideratzen ditugu Osasunera, Hezkuntzara eta Gizarte babesera. Horrela lortu dugu Euskadi aurrera ateratzea. Inor atzean utzi gabe. Eman genuen hitza bete genuen eta berriro egingo dugu”, adierazi du Lehendakariak. “Gaur, 1983ko uholdeetan bezala, Euskadi altxatzeko lana egitea dagokigu. Berriro tokatzen zaigu lanabesak hartzea. Berriro ere, lan egitea, soinez soin, jarduera eta enplegua berreskuratzeko eta gure enpresak bizirik mantentzeko. Enplegua izan da azken lau urteotan gure ahalegin guztien xede nagusia. Duela lau urte, gure helburua izan zen langabezia %10etik jaistea. Orain, hiru hilabetetan pandemiaren mende egon ondoren, horixe da berriz ere gure helburua. Langabezia, berriz ere, %10etik jaistea. Lortuko dugu. Berriro lortuko dugu. Berriz ere, enplegua da lehentasuna”.

Ortuzarrek mobilizaziora deitu ditu EAJko alderdikideak. “Uztailaren 12an jokoan dagoena Euskadi da. Euskadiko gobernua da. Euskadiko erakundeak dira. Euskal herritarroi zuzenean eragiten diguten gauzak kudeatuko dituztenak”, esan du datorren legealdia “beste edozein legealdi” bezalakoa izango ez dela nabarmendu baino lehen. “Pandemia gainditu behar dugu, birusak ekarri digun krisi ekonomikotik irten beharra dugu, eta lehenagotik ere agendan beste hainbat gai garrantzitsu genituen: autogobernu berria, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta berria , erronka demografikoa, ingurumena eta energia berdea, digitalizazioa…. Gai horiekin guztiekin jokoan daukaguna da Herri gisa izango dugun etorkizuna. Horregatik behar dugu Lehendakariak Jaurlaritza sendoa izan dezala, erabakiak arintasunez har ditzan, Legebiltzarreko gehiengo nahikoarekin”. Horregatik eta hauteskundeen garrantzia kontuan hartuta, jeltzaleen buruak gehiegi lasaitzearen kontra ohartarazi nahi izan ditu alderdikide eta alderdizaleak. “Inkestak dira politikarien eta hautesleen opioa: somnifero efektua izan lezakete. `EAJk horren argi irabaztea aurreikusten bada, oporretan joango naiz eta ez da beharrezkoa posta bidezko botoarena egitea´. Gogoan izan duela lau urte gertatu zena: eskukada bete botogatik galdu genituen 29. Legebiltzarkidea eta Legebiltzarreko gehiengo osoa. Horregatik, alderdikide eta abertzaleok, kanpaina honetan dena ematea eskatzen dizuet, dena ematera animatu egiten zaituztet. Hiritargoa zain dago, jakin nahi du bere osasunarekin, bere lanarekin, bere familiarekin zer gertatuko ote den. Eta guk konfiantza eman behar diegu, ziurtasunak, segurtasuna. EAJ da etorkizunerako bermea”, baieztatu du EBBko presidenteak.

Ekitaldia ireki du Estibaliz Larrauri Eusko Legebiltzarrerako hautagai arabarrak eta Aiarako kuadrillako hautesleei eskatu die EAJren alde bozkatzea. “Orain arte Euzko Alderdi jeltzalearen aldeko botoa izan da nagusi, baina ez da joera hutsa edo kasualitate hutsa izan, baizik eta boto arduratsua, zintzoa, konbentzitua, EAJren ordezkaritzarekin konforme egon dena”, nabarmendu du Amurrioko hautagaiak. Larraurik era berean gogoratu du 80. hamarkadan Aiarako Kuadrilla gogor kolpatu zuen krisi industriala. Krisiarekin batera, uholde ikaragarriak gertatu ziren eta Laudiorentzat iraganaren eta orainaren arteko muga ezarri zuten. “Oraingoan ere lortuko dugu. Urkullu Lehendakariaren gidaritzapean eta erakundeen arteko lankidetzarekin, irten egingo gara, Arabako Aldundiarekin eta gure eskualdeko Udalen babesarekin”, bermatu du.

Emilio Olabarria Bloga