Prentsa Aretoa
2014/12/08
Ramiro González: “Arabarentzako aurrekontu desberdin bat aurkeztuko dugu, lurraldearen benetako beharrizanei erantzungo diena”
Bozeramaile jeltzaleak "ez dezala aurrekontu proiektua erretiratu eta Arabako kontuak eztabaidatzera ausartu dadila" exijitu dio Javier De Andresi.
EAJ-PNV legebiltzarkide taldeko bozeramaile Ramiro Gonzalezek gaur goizean jakinarazi du foru gobernuaren oraingo proiektuari osoko zuzenketa eta hainbat zuzenketa partzial aurkeztuko dizkiotela, eta aldaketa horiekin Arabaren benetako beharrizanei erantzungo zaiela. Talde jeltzalearen esanetan, Alderdi Popularra ez da aurkeztutako kontuetan aldaketak egiteko prest agertu eta jeltzaleek beste aurrekontu bat posible dela erakutsi dute, zuzenketak eskuan dituztela.
“Eusko Alderdi Jeltzalean ondo dakigu euskal instituzioek eta arabarrek aurrekontuak behar dituztela. Baina ez dugu edozein aurrekontu nahi. Arabak gure arazo nagusiei aurre egiteko aurrekontuak behar ditu: krisi ekonomikoa eta langabezia. Azken asteotan hainbat aldiz saiatu gara Arabarentzako akordio batera iristen, baina Alderdi Popularrak ez du bere aldetik jarri”, deitoratu du Ramiro Gonzalezek.
Buru jeltzalearen esanetan, aurrekontuaren gaineko negoziazioa gauzatzeko behar den lehen gauza konfiantza-giroa izatea da eta hori oso zaila da Alderdi Popularrak 2014ko aurrekontu-akordioa bete ez duela ikusita. Gainera, 8 milioi euro baino gehiagoko aldaketak egin ditu EAJ-PNVrekin adostu gabe.
Jarraian, Ramiro Gonzalezek Javier de Andresen gobernuarekin akordio batera iristea eragotzi duen oztopo nagusiari egin dio erreferentzia. “Arabaren arazo nagusia krisi ekonomikoa eta langabezia dira. Azken urte honetan Araban Euskal Herriko gainerako lekuetan baino gutxiago jaitsi da langabezia. Azken urte honetan Ceutan eta Andaluziako beste lau probintziatan bakarrik izan du langabeziak jaitsiera txikiagoa. Arabak 27.000 langabe baino gehiago ditu. Haiek dira gure lehentasuna eta errealitate honen aurrean Alderdi Popularrak beste leku batera begiratu du, Araban Ekonomia eta Enplegua Berreskuratzeko Plana eskatu diogunean. Aurrekontu hauek ez diote Arabari laguntzen”, azaldu du.
Jeltzaleen beste argumentu bat ondorengoa litzateke: Alderdi Popularrak aurkeztutako aurrekontuen proiektuak ez ditu ideia eta proiektu berriak biltzen. Gastu-marjiña handiagoa izan arren, foru proposamena aurreko urteetakoaren oso antzekoa da. “Ez dago proiektu berririk. Argi dago oraingo gobernua nekatuta dagoela. Ez du ideiarik eta ez du Arabaren arazoak konpontzeko gaitasunik. Horrenbestez, guk ezin ditugu Arabarentzako balio ez duten aurrekontuak babestu”, azpimarratu du Ramiro Gonzalezek.
EAJ-PNVren amaierako erabakian eragina izan duten beste elementu batzuk izan dira Alderdi Popularrak datozen lau urteetarako kredituetan konprometitutako 200 milioi euro baino gehiago, hurrengo foru gobernuaren erabakitzeko gaitasuna mugatzen zutelako. Alderdi Popularrak badaki ez duela gobernuan jarraituko eta Arabako Aldundiko hurrengo exekutiboari eskuak lotu nahi dizkio.
Era berean, foru gobernuaren kontuek ez zituzten beharrizan gehien dituzten kolektibo sozial eta kulturalak kontuan hartzen. Amaitzeko, euskara sustatzeko politikak gutxiesten zituzten, 2014ko kontuetan akordio batera iristeko berebiziko baldintza zela jakinda.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, bozeramaile jeltzaleak argi utzi du bere taldeak osoko zuzenketa bat aurkeztuko duela datozen orduetan, baita … zuzenketa partzial ere, Arabarentzako aurrekontu desberdin hau gorpuzteko. Defizitaren muga errespetatzen duten baina gastu maila handiagoa hartzen duten kontuak dira.
“Zuzenketen bidez, Arabaren benetako beharrizanei erantzuten dien aurrekontua proposatzen dugu, industriari laguntzeko neurriak barne hartuko dituen Ekonomia eta Enplegua Berraktibatzeko Plan batekin. Izan ere, industria Arabaren motor ekonomiko nagusia da. Enpresen arteko lankidetza-proiektuei ere lagunduko die, berritzen eta esportatzen laguntzeko. Laguntza hau autonomoei eta ekintzaileei ere zuzenduta dago, jarduera berri bat hastea ahalbidetuko dieten laguntza ekonomikoak barne hartuko dituelako”, azaldu du Ramiro Gonzalezek, batez ere langabezia gehien duten Arabako eremuetan (konkretuki Oion, Laudio eta Amurrion) eragina izango duen plana martxan jartzeko konpromisoa hartu dutela gogorarazteko.
Zuzenketa horiekin, legebiltzarkide taldeak gizartearen, kulturaren eta kirolaren alorreko kolektiboak berreskuratuko ditu, oraingo foru exekutiboak urtez urte alde batera utzi baititu. Era berean, EAJ-PNVk Araban Euskara Plana aurrera ateratzeko diru nahikoa proposatu du, Alderdi Popularrak plan hori ahaztuta baitauka.
Laburbilduz, Araba kontuan hartzen ez duten aurrekontu hauen aurrean, EAJ-PNVk Arabaren benetako beharrizanei erantzuten dieten kontuak proposatu ditu.
Foru Gobernuak aurrekontuen proiektua erretiratzeko asmoa duela jakin eta gero, Ramiro Gonzalezek ez dadila koldarra izan, ez dezala aurrekontu proiektua erretiratu eta Arabako kontuak eztabaidatzera ausartu dadila exijitu dio Javier De Andresi.
“Aurrekontuekin atzera egitea koherentea litzateke eztabaida saihesteko Diputatu Nagusiaren jarrerarekin. Jarrera hori Arabarentzat erabat kaltegarria litzateke. Herritarrak indar politiko guztien proposamenak ezagutzeko eskubidea dute. Ez propagandaren bitartez, eztabaidari esker izan behar da. Javier De Andresek azkenean bere proiektua erretiratzen badu, eztabaidari beldurra diolako izango da. Beldurra herritarrek konproba dezaten beste aurrekontu batzuk posibleak zirela” baloratu du EAJ-PNVko liderrak.
Ramiro Gonzalezen hitzetan, Foru hauteskundeak hain gertu ditugunean aurrekontu proiektua eztabaidatzera uko egiteak, Alderdi Popularra bukatuta dagoela adierazten du.
Nabarmenak...
LAUDIO
2024/10/21
LAUDIO
2024/10/16
LAUDIO
2024/10/04
LAUDIO
2024/09/18
LAUDIO
2024/09/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
LAUDIO
2023/04/21
LAUDIO
2023/08/29