LAUDIO

Prentsa Aretoa

2014/07/30

EAJ-PNVk behin betiko irtenbidea proposatu du Noryesteko ureztatzaileen komunitateari ura emateko

Ramiro Gonzálezek eta Alvaro Iturritxak AMVISAren eta nekazarien arteko hitzarmena proposatu dute, horniketa arrazoizko prezioan ematen duena

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk behin betiko irtenbidea proposatu du Nory

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Arabako Biltzar Nagusietako eta Vitoria-Gasteizko Udaleko taldeek AMVISAren eta Noryesteko Ureztatzaileen Elkartearen artean hitzarmena sinatzea proposatu dute, azken boladan elkarte horrek izan dituen horniketa arazoei behin betiko irtenbidea emateko. Hitzarmen horren bidez, uren udal sozietateak konpromisoa hartuko luke maiatzetik irailera bitartean 3 hm3 inguruko emaria emateko, ureztatzaileen elkarteak ura etengabe eta arrazoizko prezioan izan dezan. Hitzarmen horrek Arabako urtegietatik ureztatzeko ura ematea ahalbidetuko luke, hiriko hornidura arriskuan jarri gabe eta gehienez 7 zentimo euro/m3-ko prezioa ordainduta.

“Horrela, Noryesteko ureztatzaileek azken hogei urteetan jasan dituzten urritasuna eta gezurrezko agintzariak amaituko dira. Izan ere, elkarte horrek ikusi du urik atxikitzen ez duen putzu batean 30 milioi euro inbertitu direla, eta PPk ezertarako balio ez zuten irtenbideak eskaini dizkio. Azken urteotan gertatu den bezala, gune horretan labore ureztatuen ustiategiak galtzeak aukera ekonomikoak murriztea dakar, eta Arabak ezin du horrelakorik onartu” adierazi du Ramiro González Biltzar Nagusietako bozeramaile jeltzaleak.

Unera arte, Noryestek Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ematen duen ureztaketa emakida bat baino ez du eskuratu; baimen hori eskuratzeko zaila da, eta beti berandu heldu da, ureztaketa garaiari erantzuteko. Horrek gunean pixkanaka-pixkanaka laborantza ureztatuak uztea eragin du. "AMVISArekiko hitzarmenak egoera hori eta ureztatzaileek ustiapen kostuengatik duten kezka amaitutzat joko lituzke. Nekazaritza ekoizpen errentagarriak arrazoizko prezioan dagoen ura behar du, eta Gasteizko uren sozietateak baliabide hori eman dezake” esan du Álvaro Iturritxa zinegotzi jeltzaleak.

EAJ-PNVk proposamen hori egin du, Noryesteko putzua iragazgaizteko aukera baztertu eta gero; izan ere, gehiegizko inbertsioa ekarriko luke (30 milioi euro gehiago). Ureztatzaileen elkarte horri ureztaketa hornitzeko hausnartu den beste aukera bat Albinako urtegitik zuzenean hornitzea izan da. “Aukera hori bigarren aukeratzat baino ezin da jo, azken urteotan inbertsio handia -10 milioi eurokoa- egin baita Gasteiz hirirako larrialdiko erreserba gisa erabili ahal izateko. Euzko Alderdi Jeltzalean hitzarmenaren alde egiten dugu, irtenbide azkarrena eta praktikoena delakoan” zehaztu du Iturritxak.

EAJ-PNVk proposamen hori helaraziko die AMVISA uren sozietateko Kontseiluari, Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

Emilio Olabarria Bloga