Prentsa Aretoa
2014/04/29
Eusko Jaurlaritzak Industrializazio Plana onartu du, industria aurreratuan oinarritutako enpresen lehiakortasuna indartzeko
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako 2014-2016 aldirako Industria Plana aurkeztu dute. Eusko Legebiltzarrari igorriko diote aipatutako plana, izapidetu eta eztabaidatu dadin.
Lehendakariaren esanetan, enpresen eta industria-jardueraren «behar premiazkoenei erantzutea eta etorkizuna prestatzea» da helburu nagusia. Plana 575 milioi eurorekin hornituta dago, eta bost ardatz estrategiko aurreikusten ditu: ETEak, proiektu estrategikoak, ekoizpen aurreratua, industria- eta energia-testuinguru lehiakorra eta, azkenik, giza kapitala.
Neurriak
Tapia sailburuak azaldu duenez, industria-enpresek laguntza behar dute, baldin eta krisia gainditu nahi badute. Hori horrela izanik, banan-banan zehaztu ditu Plan honen ardatz estrategikoak. Plana «ez da gaur jaio»; aitzitik, Enplegurako eta Ekonomia Suspertzeko Esparru Programan gauzatzen ari ziren hainbat politika txertatu ditu.
Bildutako neurrien artean, hauek nabarmendu ditu: ETEentzako finantzaketa; enpresako pertsona guztiek partekatzen dituzten lan-harremanak; «ondo fabrikatzea», negozio-prozesuetan berrikuntza, zerbitzuak eta teknologia txertatuta; enpresak merkatu globalean txertatzeko laguntza; eta nazioartekotzea.
Enplegua
Lehendakariak esan du «kezkatuta» dagoela langabeziari buruzko datuekin. Ziurtatu duenez, aurreikuspenak betetzen ari dira, eta 2013a eta 2014a «zailak» izaten ari dira. Nolanahi ere, espero du urte honetarako eta hurrengorako adierazle positiboak betetzea, alegia, % 1eko eta % 1,5eko hazkundea izatea, hurrenez hurren, eta, hala, enplegua sortzea.
Lehendakariak baieztatu du EAEren ekonomia-egitura eta estatuarena ezberdinak direla. «Ez dago adabakiak jartzerik; aitzitik, egiturazko planteamenduak egin behar dira». Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Industrializazio Planaren garrantzia nabarmentzen du; izan ere, «industriak sortzen duen enplegu berri bakoitzeko, bi eta bost enplegu artean sortuko ditugu gainerako jardueretan». EAEren BPGaren laurden bat industriatik dator, jakinarazi duenez.
Hazkunde jasangarriko estrategia
Legegintzaldi honen lehen herena igarota, Eusko Jaurlaritzak hazkunde jasangarriko estrategia burutu du Industrializazio Plan honekin. Plan honez gain, honako hauek ere abiarazi ditu Jaurlaritzak: Talka Plana iaz eta Enplegu Plana aurten, Inbertsio Plana eta Basque Country Nazioartekotze Plana. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Kontseilu berria sortu du.
*Iturria: Irekia
Nabarmenak...
LAUDIO
2024/10/21
LAUDIO
2024/10/16
LAUDIO
2024/10/04
LAUDIO
2024/09/18
LAUDIO
2024/09/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
LAUDIO
2023/04/21
LAUDIO
2023/08/29