LAUDIO

Prentsa Aretoa

2013/12/03

Euskararen Nazioarteko Eguna 2013. EAJ-PNVren adierazpena

rss Ezagutzera eman
Euskararen Nazioarteko Eguna 2013. EAJ-PNVren adie

ARGAZKIA JAITSI

(…) Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia (…)

(Koldo Mitxelena)

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da, Euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna da, eta euskararentzat beste hizkuntzen artean dagokion tokia aldarrikatzeko eguna. Ospatzeko eguna, eta euskara gero eta gehiagotan, gero eta eginkizun gehiagotarako erabiltzeko konpromisoa berresteko eguna.

Ugari dira euskarak ospatzeko dituen motiboak. Guztietan lehena, jakina, azken 30 urteotan izan duen hazkundea, bereziki ezagutzari dagokionez. Izan ere, 0,5 puntu urteko hazi da euskara azken urteotan, modu egonkor eta iraunkorrean. Baina erabilerari dagokienez ere, garbi hazi da euskara aldi berean, eta, are garrantzitsuagoa dena,  lehen erabat arrotz zituen eremuetan erabiltzen da gaur euskara. Hazkunde horrek eraman du, hain zuzen ere, euskararen kasua nazioarteko ereduen mailara, mundu zabaleko adituen aztergai izateraino.

Ospatzeko du euskarak, noski, biziberritze sendo horri bidea ireki dioten hiru faktoreek (lege  babes nahikoa, hizkuntza politika eraginkor eta baliabidez behar bezala hornitua, eta herritarren atxikimendua, adostasun sozial eta politiko zabal batekin batera) modu koordinatuan eta iraunkorrean eragin dutela Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Izan ere, lurralde horretan izan duen hazkunde handiari esker hitz egin dezakegu, oro har, euskararen aurrerapauso nabarmen batez, Iparralde eta Nafarroako datuek bestelako norabide bat bistaratzen badigute ere.

Ospatzeko du euskarak, era berean, aurrerabide hori euskal gizartearen kohesioa sendotzea iparrorratz hartuta egin duela, ez beste hizkuntza baten aurka, are gutxiago beste hizkuntza baten hiztunen aurka. Aitzitik, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzaren alde egindako bidea da euskararen biziberritzeko ahaleginean egin dena, eta hor dator, hain zuzen ere, euskarak ospatzeko duen beste motibo bat: ugari dira euskararen biziberritzeari ekarpena egin dioten herritarrak, herri erakundeak eta eragileak, eta ugari ez ezik askotarikoak ere bai, eta aniztasun eta pluraltasun hori da, hain zuzen ere, euskararen sustapenaren inguruko lankidetzak izan dezakeen oinarri emankorrena. Euskarak denok behar gaitu, nor bere uste eta ideiekin, nor bere proposamen eta ekarpenekin, baina denok bat sustapenerako hizkuntza politika iraunkor eta eraginkor baten alde. Alde batera utzita, betiko, euskararen erabilera partidistak, euskarak politika behar baitu, ez politikakeria.

Eta euskarak denok behar gaituela esaten dugunean, euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, ezinbestekoa duen erabilera dugu, batez ere, gogoan. Euskara gurea baldin bada, gurea da, neurri berean, euskara erabiltzearen erantzukizuna, euskarak euskal hiztunongan baitu arnasbide bakarra. Gutariko bakoitzak bere gain hartu behar duen konpromiso hori, euskara gero eta gehiagotan, gero eta eginkizun gehiagotarako erabiltzekoa, berresteko eguna dugu, baita ere, Euskararen Nazioarteko Eguna.

Erabili dezagun, bada, euskara, eta landu dezagun elkarrekin euskara etorkizun oparo baterantz eraman dezakeen adostasun sozial eta politikoa zabal eta sakona.

Euskarak denok behar gaituelako, eta denok euskara behar dugulako.

Emilio Olabarria Bloga