LAUDIO

Prentsa Aretoa

2020/06/26

Urkulluk “Euskadi berriz ere zutik jartzeko” hauteskunde egitasmoa jarri du euskal gizarte osoaren zerbitzura

Bost herri-konpromiso hitzemateko 428 orrialdeko agiria aurkeztu du EAJ-PNVk. Konpromisoa enpleguarekin, berrikuntzarekin, klimarekin,gazteriarekin eta osasunarekin

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren egitasmoa, jakina, oso baldintzatuta dago koronabirusaren pandemiaren ondorioekin; izan ere, gizarteak giza galera handi eta mingarria pairatu du, erabat konponezina, eta oraindik ezin dugu asmatu ondorio ekonomikoak zenbaterainokoak izango ote diren. “Gaur egun, oraindik ere, ez gara jabetzen enpleguan, jardueran eta enpresetan eragingo duen benetako kalteaz”, aitortu du Urkulluk, baina era berean erabakimena, konpromisoa eta ilusioa erakutsi nahi izan ditu Euskadi krisi larri honetatik ateratzeko egin beharko den lana lideratzeko.

“Orain dagokigu hurbiltasuna eta gizartearen pultsua berreskuratzeko lana egitea. Osasun sistema eta zerbitzuak bermatzea dagokigu, egoerarik ahulenean dauden pertsona eta familiei gure babesa eskaintzea. Ekonomia suspertzea dagokigu, enpresei laguntzea eta enplegua sortzea. Eskarmentua badugu. Ideiak argi eta garbi ditugu. `Euskadi Zutik´ Egitasmoa daukagu. Egitasmo zehatza, zehaztua,osoa. Ilusio handiz aurkezten dugun egitasmoa, lehenago eman genuen hitza bete dugulako eta, oraingoan ere, hitza ematen dugulako. Konfiantza berreskuratzeko eta Euskadiren etorkizuna bermatzeko Egitasmoa. Irtengo gara!. Oraingoan ere irtengo gara, aurrekoetan irten garen moduan. Gure kabuz irtengo gara. Esfortzuarekin, lanarekin eta batasunarekin. Elkarrekin irtengo gara”, esan du Lehendakariak. Urkulluren aburuz, EAJ-PNVren egitasmoa erabat sinesgarria da talde jeltzaleak aurrekoetan eman duen hitza bete duelako.“Hitzeman bezala,langabezia tasa %10etik jaistea lortu dugu: zortzi urte luze kostatu zaigu eta orain, are denbora laburragoan, berriro lortuko dugu; industria lehiakorra izaten jarraituko dugu, Estatuan liderra den eta Europan 4.0 industriaren erreferentea den industria; eskola porrota Europako baxuenen artean kokatzea lortu genuen; Europako Batasunean oreka sozialik handienetakoa duten herrialdeen artean kokatzea lortu dugu…. eta fidagarritasun osoarekin lortu dugu, kontu publikoak bide onetik eramanez, erantzukizunarekin, aurrekontuen orekarekin, 2017 urtetik aurrera zero defizitarekin, zor publiko murriztuarekin, une honetan aukerak ematen dizkiguna ekonomia suspertzeko eta inbertsioak egiteko”. “Koronabirusaren pandemia zartako gogorra izan da”, aitortu du “baina etxerako lanak eginda aurkitu gaitu. Oinarri onarekin eta konfiantzarekin. Oinarri sendoa daukagu altxatzeko. Bermea eta segurtasuna ematen dizkigu. Gure Proiektuaren oinarria da”.

Andoni Ortuzarrek bere aldetik baieztatu duenez “egunotan ingurukoekin `ondo geratzeko´ asmo hutsez egiten ari diren eta entzuten ari garen burutazioen eta proposamenen aurrean, EAJ-PNVk gobernu egitasmo sendo eta errealista aurkezten du, hitzez-hitz beteko duguna Covid-aren osasun-krisia eta bere ondorio ekonomikoak albait arinen atzean uzteko”. Ortuzarrek aitortu du “denbora arraro eta konplexuak” bizi ditugula “giza bizitzetan kalte handi eta konponezinak eta enpleguetan eta ekonomietan galera sakonak eragin dizkiguna”. Eta horregatik, baieztatu du “EAJ-PNVk senideak galdu dituzten familiei eta lanpostua galdu dutenei eta beren negozioa nola aterako ote den ez dakiten guztiei eskaini ahal dien tributurik onena eta egin dezakeen lanik onena da egitasmo horrek jasotzen duena betetzea. Eta erabakimenez eta pasioz egingo dugu. 83ko uholdeetako lokatzetatik Euskadi berria irten zen modu berean, krisi industrialetik Euskalduna Jauregi eder hau sortu zen modu berean, Covid-aren krisitik irtengo da Herri eraberritua, indartsuagoa eta garatuagoa, seguruagoa eta oparoagoa”.

EAJ-PNVk euskal hiritargoari eskaintzen dion hauteskunde egitasmoak hiru oinarri nagusi ditu: euskal nortasuna zaintzea (IZAN); herri garatuenen ondoan egoteko helburuarekin lan egitea (BIZI); eta gizarte orekatua eta sozialki bidezkoa eraikitzeko bidean aurrera egitea (ELKARREKIN BIZI).

Egitasmoak hiru trantsizio nagusi ditu ardatz (teknologiko-digitala, energetiko medioanbientala eta gizarte eta osasun trantsizioa) eta bost herri konpromiso estrategiko planteatzen ditu. Lehenengo eta behin, hurrengo legealdirako enpleguarekin konpromiso bat planteatzen dugu galdu diren lanpostuak berreskuratzeko, daudenak finkatzeko eta lanpostu hauen kalitatea hobetzeko helburuekin. Gure erronka da, berriz ere, langabezia tasa %10etik jaistea, aurreko hauteskunde kanpainan markatu genuen helburua delarik eta Eusko Jaurlaritzak pandemia hasi baino lehenago lortu zuelarik. Hurrengo konpromisoari, berrikuntzari, eman nahi diogun erantzuna da herri akordio estrategikoa Zientziarekin, Teknologiarekin eta Berrikuntzarekin. EAJ-PNVk I+B arlorako 20.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua bultzatuko du 2020-2030 hamarkadan. Lur-planeta da gure etxea. Horregatik, gure hirugarren konpromisoa da hamarkada hau ekologiaren hamarkada izan dadila. Planteatzen diren helburuen artean dago negutegi efektua duten gasen jaulkipena %30 murriztea. Laugarren konpromisoa gazteekin hartuko dugu. Talka plan bat planteatzen dugu gazteei emantzipatzeko aukerak errazteko eta planteatzen zaigun erronka demografikoari aurre egiteko. Beste batzuen artean 30.000 gazteri lehen lan esperientzia eskaintzeko programa ezarriko dugu. Eta bosgarren konpromisoa da Osasuna. Beste hainbat ekimenen artean, EAJ-PNVk Euskadi bilakatu nahi du osasun ikerkuntzarako Europako gune eta osasun ekipamendu eta zerbitzuak produzitzeko erreferente. Halaber, Euskadi integratu nahi dugu gaixotasun infekziosoen zaintzaz prebentzioaz eta kontrolaz arduratzen den `Task Force´ izenekoan.

📗U-12ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako Programa irakur dezakezu (PDF). ➡ https://labur.eus/hToZP

Emilio Olabarria Bloga