Prentsa Aretoa
2018/06/30
Ortuzar: “Euskal interesen defentsa eta Euskadiko hiritargoaren ongizatea dira EAJren abiapuntua eta helburua”
EBBko presidentea Laudion izan da gaur Arabako Alderdikide Egunaren hirugarren edizioan, bostehun bat alderdikide elkartu dituen ekitaldian
Arabako Alderditar Eguna 2018 - Andoni Ortuzar
MINTZALDIA - 2018/06/30Arabako Alderditar Eguna 2018 - José Antonio Suso
MINTZALDIA - 2018/06/30Arabako Alderditar Eguna 2018 - Ander Añibarro
MINTZALDIA - 2018/06/30
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur baieztatu duenez “euskal interesen defentsa eta euskal hiritargoaren ongizatea dira EAJren abiapuntua eta helburua, alderdi honen jardun politikoaren ardatz bakarra”. Hori izan da talde jeltzaleak azken asteotako erabakiak hartzeko orduan jarraitu duen irizpide bakarra, eta hori ere izango da hurrengo hilabeteotan EAJren lana gidatuko duena “Estatutua osatzeko, elkarbizitza eta adiskidetzerako urratsak emateko, espetxe politika bidezkoagoa ahalbidetzeko, garapen ekonomikoa eta ongizate soziala indartzeko eta ahalik eta adostasun handiarekin autogobernu estatus berria lortzeko” jardunari ekiteko orduan. Ortuzar Laudion izan da gaur Arabako Alderdi Egunaren hirugarren edizioan, bostehun bat alderdikide elkartu dituen ekitaldian. José Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak eta Laudioko alkategai Ander Añibarrok hitz egin dute Ortuzar baino lehenago herri bazkariaren aurretik egin den ekitaldi politikoan.
Ortuzarrek aitortu du azken aldi honetan EAJ zurrunbiloaren erdian egon dela “aspaldiko partez eman den aldi politiko korapilotsuenetakoan”. Hori igaro egin da jada, eta talde jeltzalea “egon behar zen lekuan egon da eta egin behar zena egin du. Erantzukizunez jardun dugu, gure Herria eta gure gizartea gogoan, euskal interesak babestuz. Eman beharreko urrats bakoitza asko hausnartu eta pentsatu genuen eta ondo baloratu genuen erabakiak hartu aurretik, baina beti ardatz bakarra gogoan: Euskadi, gure Herriarentzako etorkizunik onena”. Ortuzarren esanetan, EAJ-PNVren erabaki batzuek, besteak beste Pedro Sánchezek planteatu zuen zentsura mozioa babestekoak , “Bildu eta Podemos deskolokatu dute, zoriontsu zeudelako PP-EAJ izatezko bikote deitzen zutenarekin, baina orain Espainiako Ciudadanos alderdia bezala geratu dira, harri eta lur eta hitzik esan gabe”. Presidente jeltzalea are kritikoagoa izan da Partido Popularrarekin ‘EAJ zigortzeko eragiketa’ porrota izan delako eta Euskadin geratzen zitzaion sinesgarritasun eskasa galdu duelako. “Lotsagarri geratu ziren Senatuan eta lotsagarri geratu ziren ostegunean Kongresuan. Zorionez, Euskadik ez du euro bakar bat ere galdu PPren aldetik eman den mendeku gose desegoki horrekin”, baieztatu du. Ortuzarrek era berean salatu du Euskadiko PPk bete duen eginkizun lotsagarria “Euskadiko interesak defendatu beharrean, Madrilgo aginduetara jarri ziren. Nola liteke Euskadiko senatari edo diputatu batek Euskadira inbertsioak ekartzearen kontra bozkatzea? Ulertezina da. Argi eta garbi geratu da Euskadiko interesen edo PPko Madrilgo amarruen artean, PPko kargudunek Madrilen esaten dutena aukeratzen dutela. Euskadi eta Madrilen artean, Euskadiko PPk ez dauka zalantzarik: beti aukeratzen dute Madril”, adierazi du bertaratuek txalo zaparrada beroa eskaini dioten bitartean. “Hori ez da inoiz EAJn edo EAJrekin gertatzen. Euskadiko interesak eta EAJren interesak ez dira kontraesankorrak, sekula ere ez. Alderdiaren interesak ez ditugu sekula ere gure Herriaren interesen gainetik jarriko. Euskal interesen defentsa, euskal hiritargoaren ongizatea dira EAJren abiapuntua eta helburua. Harrotasunez eta erantzukizun osoz esaten dugu. Hemen, Laudion, Gasteizen, Madrilen, Bruselan eta Munduko edozein tokitan, EAJren ordezkari dagoen lekuan, Euskadiko interesak ondo defendatuta egongo dira. EAJren eredua da”, adierazi du jeltzaleen buruak.
Ondorio modura, Ortuzarrek zera bermatu nahi izan du: “Espainiako estatuko politikan zabaltzen ari den etapa berrian, zeinetan euskal taula politikoan ere eragina duen, EAJk , orain arte bezala, erantzukizunez jardungo du, gauzak argi eta garbi izanik, euskal emakume eta gizonei interesatzen zaiguna zer den jakinik eta adosteko, partekatzeko, giro politiko berria sortzeko orduaz jabeturik. Aukera berri hau aprobetxatu behar da Euskadiri bultzada politiko eta ekonomiko berria emateko. Eta, horixe egingo dugula!”.
Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak agerian utzi ditu gizartearen onerako akordioetara iristeko orduan EH Bilduk eta EAJ-PNVren jarrera ezberdinak. “Gobernatzen dutenean, mailu kolpez egiten dute. Jakin dakite inposatzen, baina ez dakite negoziatzeko esertzen. Hemen, Laudion, EAJ-PNV aurrekontuei buruzko akordioak ahalbidetu dituzte. Beraiek nahi izan duten arte funtzionatu izan duten akordioak”, adierazi du. “Vitoria-Gasteizen aliantzak bilatzen dituzte PPrekin Urtaranen gobernua itotzen saiatzeko. Udal aurrekontuak onartzea eragoztearren, beren zuzenketen kontra bozkatzera iritsi dira. Urtaranek akordioaren alfonbra gorria zabaldu zuen, baina Bilduk hartua zuen bere erabakia eta ez zuen kolaborazio hitza aintzat hartzen. PPk eta EHBilduk elkarri eskua eman diote bide beretik joateko, indar eta argudio demagogikoak bateratuz. Norabide bakarreko ibilbidea egiten ari dira, 2019ko udal eta foru hauteskundeetara doan bidea. Ostegunean, hiriaren egoerari buruzko eztabaidan, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak oposizioari eskatu zion hiriarentzako eta hiritarrentzako 15 proiektu estrategiko adostea. Urtaran alkateak itun zabal bat proposatu zuen Gasteizko etorkizunari berme osoz ekiteko, baina ezezkoa ordu batzuk lehenago idatzita zegoen udal bulegoetan”, tamaldu da Suso.
Ander Añibarro izan da alderdikide eta alderdizaleen aurrean hitz egin duen lehen hizlaria eta Laudioko alkategai izendatua izanaz esan du aukera bikaina dela “udalerriari Araba eta Euskadi mailako erreferentziazko herri batean bizitzeko ilusioa emateko” lanari ekiteko. EH Bilduk Udalean “aurrekaririk ez duen anabasan” sartu duela salatu ondoren, Añibarrok esan du Laudiok “goitik beherako aldaketa” behar duela “lantalde ekintzaile, konprometitu eta hurbilaren eskutik, Laudioko enpresei babes administratiboa emanez eta ahalik eta aukera gehien eskainiz ekintzaileek Laudion izan dezaten bere eragiketa zentro nagusia”.
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
LAUDIO
2024/10/21
LAUDIO
2024/10/16
LAUDIO
2024/10/04
LAUDIO
2024/09/18
LAUDIO
2024/09/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
LAUDIO
2023/04/21
LAUDIO
2023/08/29