LAUDIO

Prentsa Aretoa

2014/10/29

Ramiro González: “Ez dugu benetako borondaterik ikusten Alderdi Popularrarengan Araban aurrekontuetarako akordio bat lortzeko”

rss Ezagutzera eman
Ramiro González: “Ez dugu benetako borondaterik ik

ARGAZKIA JAITSI

De Andrések ez dio erantzun duela hilabete bat Ramiro González jeltzaleen bozeramaileak egindako deiari, eta oraindik ez dio jakinarazi 2015erako aurrekontuen proiektua.

Ramiro Gonzálezek, hasteko eta behin, gogora ekarri du hilabete bat igaro dela komunikabideen aurrean egin zuen lehenengo agerpenetik, 2015eko aurrekontuetarako proiektuaz hitz egiteko egin zuena.

Agerpen hartan, irailaren amaieran, jeltzaleen bozeramaileak argi eta garbi azaldu zuen zeintzuk ziren EAJ-PNVren premisak 2015eko aurrekontuen negoziazioaren aurrean.  Aurretiazko bi baldintza jarri zituen: lehenengo, diputatu nagusiari eskatu zion 2014ko kontuetan adostutakoa bete zezala. Bigarrenik, eskatu zion bilketa handiagoa Araban Enplegurako Plan bat sortzeko erabil zezala, urte berean.

Lehenengo premisari dagokionez, Ramiro Gonzálezek esan du, berriro ere, Euzko Alderdi Jeltzaleak beti nabarmendu duela Araban akordioa erraztu beharra dagoela, are gehiago aurrekontuez ari garenean. Egoera ekonomikoak esfortzu bat exijitzen digu, krisitik irteteko neurriak adosteko. Konfiantzazko giroa sortu behar da, suspertze ekonomikoa eta enplegu sorrera errazteko.

Horregatik, 2013ko abenduan, EAJ-PNV eta PPk aurrekontuetarako akordioa egin zuten, Araban egonkortasuna sortu zuena. Akordio honen bidez, Alderdi Popularraren gobernuak bere ahaleginak suspertze ekonomikoan eta enpleguaren sorreran zentratzea nahi zen. Horixe izan zen talde jeltzalearen helburu nagusia.

Hala eta guztiz ere, urtea bukatzeko bi hilabete baino ez falta direnean, Alderdi Popularrak ez du lehenengo baldintza bete, eta aurrekontuetako akordioa betetzetik oso urrun dago. Gaitasun ekonomiko egokia daukan arren, ez du bideratu (batez ere enplegurako) aurrekontuetako itunean adostutako dirua. Ramiro González EAJ-PNVko buruzagiak gogora ekarri duenez, “Arabaren egoera kezkagarria da, eta langabezia oraindik ere gure lurraldeko arazo nagusia da. Hala eta guztiz ere, Alderdi Popularra ez omen dago kezkatuta. Axolagabekeria nabarmena erakutsi du datu ekonomiko larrien eta langabeziaren kopuruen aurrean. Langabeziarako adostu genituen baliabideen erdia baino gehiago erabili gabe dauzka oraindik, eta ia-ia azaroan gaude. Horrek erakusten du De Andrés ez dagoela kezkatuta Araban dauden 27.453 langabetuengatik”.

Bigarren premisari dagokionez, jeltzaleen bozeramaileak gogora ekarri du irailean esan zuela Alderdi Popularrak egunak zeramatzala iragartzen zerga bilketaren portaera, Araban, uste baino hobea izaten ari zela. Horri esker, Foru Gobernuaren hitzetan, 14 milioi euro gehiago erabili ahalko ziren aurrekontuan.

Horregatik, une honetan, EAJ-PNVko buruzagiak De Andrés kritikatu zuen, jendaurrean diru gehiago zeukala zioelako harrotasunez, baina aldi berean ez zuelako ezta adostutako dirua ere erabiltzen langabeziaren aurka egiteko. Eskatu zion ustekabean bildutako diru hori Enplegurako Plana egiteko erabil zezala, enpresei laguntzeko eta langabeziari aurre egiteko neurri eraginkor berriak hartzeko, urte berean.

Ramiro Gonzálezek hilabete bateko epea eman zion Alderdi Popularrari bi gaietan aurrera egiteko.

Hilabete bat joan zen, eta Ramiro González buruzagi jeltzaleak esan duenez, “ez dugu ezer aurreratu. Aurreko akordioak betetzeari buruz ez dugu diputatu nagusiaren erantzunik jaso. Dakigun apurra komunikabideen bidez dakigu: Javier De Andrések esan zuen aurrekontua ia guztiz gastatuta zegoela. Nik esan ahal dizuet, datuak baitauzkat, hori ez dela egia”.

Puntu horretan, bozeramaile abertzaleak aurrekontua gastatzeari buruzko datu zehatzak aurkeztu ditu. Datu horiek erakusten dute adostutako partidak ez direla betetzen ari eta dirua ez dela erabiltzen ari ekonomia sustatzeko, EAJ-PNVk eskatu zuenez. Adibidez, Berrikuntzarako eta Lehiakortasuna Hobetzeko programan aurrekontuaren %2,43a bakarrik gastatu da. Merkataritza eta Turismoarenean, %32,89a. Euskararen programan, berriz, Foru Gobernuak %38,41a bakarrik ordaindu du.

Aurreikusitakoaren gainetik bildu den diruari dagokionez, Talde Jeltzaleak eskatu zuen diru hori Araban Enplegu Plan bat sortzeko erabil zedila. Horri buruz Gonzálezek hau azaldu du: “Javier de Andrések oraindik ez du konpromisorik hartu Araban Enplegurako Planik martxan jartzeko. Gure ustez hori da lehentasun handiena. Arabak bizi duen krisi ekonomikoaren eta langabeziaren egoeran plan bat sortu behar da lehenbailehen, hurrengo urteari itxaron gabe. Erantzunik ez dugunez jaso, diputatu nagusiari gutun bat bidali diogu, Batzar Nagusietako bozeramaile guztiekin premiazko batzar bat egin dezala eskatzeko, ahalik eta azkarren Arabako Enplegurako Plan bat abian jartzeko. Baina ez dugu erantzunik jaso”.

Amaitzeko, bere taldeak Foru Gobernuarekin 2015eko aurrekontuei buruz hitz egiteko egin zuen batzarra nolakoa izan zen azaldu die komunikabideei EAJ-PNVko buruzagiak. Ramiro Gonzálezek azaldu du Alderdi Popularrak aurrekontuko kopuru handiak bakarrik azaldu zituela, baina ez ziela bere proiektuaren berri eman. Horregatik, batzarrean gauza orokorrei buruz bakarrik hitz egin ahal izan zuten, eta ez zen ezer zehaztu.

“Ezin da aurrekontu baten negoziazioan aurrera egin, aurrekontuaren zirriborroa ere ez badaukagu. Ezin dugu akordio bat lortu, aurretik adostutakoa ez bada betetzen eta dirua ez bada premia larrienera (hau da, langabeziari aurre egitera) bideratzen. Une honetan, Alderdi Popularrarengan ez dugu benetako borondaterik ikusten Araban aurrekontuen inguruko akordioa lortzeko. Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk ez du atea ixten eta lanean jarraituko dugu, baina egia esan, ez dugu benetako borondaterik ikusten”, esan du Ramiro Gonzálezek.

Emilio Olabarria Bloga