LAUDIO

Prentsa Aretoa

2014/05/27

“Agerian dago espainiar gobernuak plan bat duela Forondako aireportuarekin amaitzeko eta azkenean ixteko, eta egoera horren aurrean Arabak ahotsa altxatu eta salatu behar du"

rss Ezagutzera eman

Rajoy-ren Gobernuaren eta Alderdi Popularraren aldetik Forondari etengabe egiten zaizkion erasoen aurrean, EAJ-PNVk ekimen bat aurkeztu berri du espainiar gobernuak nahita martxan jarri duen plana salatzeko, Forondako aireportua ixtea bilatzen baitu penintsulako iparraldeko beste aireportu batzuk sustatzeko, besteak beste Zaragozakoa edo Vigokoa. Azken honi dagokionez, iragan astean ere salatu egin genituen Sustapen Ministro andreak egin zituen adierazpenak, Vigoko hiritarrak animatu baitzituen karga terminala izan ahal izateko, Gasteizeko aireportuaren kontra lehiatzeko.

Ekimen berean, EAJ-PNVk gobernu zentralari eskatu dio Eusko Jaurlaritzarekiko negoziaketak berehala hastea, Euskadira aireportuen eskuduntza ekartzeko prozesura begira.

EAJ-PNVk onartezin jotzen ditu azken hilabete hauetan AENA erakundeak eta gobernu zentralak Forondaren inguruan hartu dituzten erabakiak. Hori dela eta, Mugako Ikuskaritza Gunea berriz martxan jartzea eta Arabako aireportuari 24 orduko zerbitzua berehala itzultzea eskatu du.

Halaber, eta azken egunotan ezagutu izan ditugun azken berrien inguruan, AENAri eskatu zaio aireportu tasa egokiak ezartzea eta gainerako aireportuekin alderatuta lehiakorragoak izan daitezen.

“Rajoy-ren Gobernuak Foronda egunez itxi du, Mugako Ikuskaritza Gunea kendu dio, beste aireportuetakoak baino, besteak beste Zaragozakoarekin alderatuta, hamar aldiz altuagoak diren tasak ezarri dizkio, eta gainera Sustapen Ministro andreak argi eta garbi esan du Vigoko aireportuak Forondako aireportuari konpetentzia egin behar diola. Hori dena ikusita, agerian dago espainiar gobernuak  Forondako aireportua ixteko plana duela , eta egoera honen aurrean Arabak ahotsa altxatu behar du eta egoera hau salatu behar du" esan du  Ramiro González, EAJ-PNVren bozeamaileak

Amaitzeko, EAJ-PNVk eskatu du Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile guztiak albait arinen AENA eta Sustapen Ministerioko arduradunekin elkartzea, Biltzar Nagusi hauek Forondako aireportuaren oraingo egoeraren berri eman diezaioten.

Emilio Olabarria Bloga