LAUDIO

Prentsa Aretoa

2012/12/03

Iñigo Urkullu abenduaren 13an izendatuko dute lehendakari

Lehendakari kargua hartzeko ekitaldia, berriz, abenduaren 15ean (larunbata) izango da Gernikan.

rss Ezagutzera eman
Iñigo Urkullu abenduaren 13an izendatuko dute lehendakari

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 13an izendatuko du Iñigo Urkullu lehendakari eta kargu-hartze ekitaldia abenduaren 15ean izango da, Gernikan.

Inbestidura-saioa egiteko deialdi ofiziala gaur egin du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak, Gasteizko Ganberako mahaia eta bozeramaileen batzordea bildu ostean. 

Lehendabiziko bilkura abenduaren 12an egingo dute, baina Legebiltzarreko araudia kontuan hartuta, Urkullu biharamuneko saioan aukeratuko dute lehendakari.

Talde parlamentarioek saioa hasi baino 72 ordu lehenago euren lehendakarigaien hautagaitzak erregistratuta izan behar dituzte. Beraz, epe hori abenduaren 7an amaituko da.

Inbestiduraren lehendabiziko bilkuran, hautagaitza aurkeztu duten lehendakarigaiek 90 minutuko agerraldia egiteko eskubidea izango dute, euren gobernu-programa azaltzeko. Ondoren talde guztiek erantzuteko tarte bat izango dute eta azkenik bozketa egingo dute. 

Lehendabiziko bozketan honetan lehendakari izendatzeko gehiengo absolutua (38 boto) lortzea ezinbestekoa da. Bi hautagaitza aurkeztuko dira: alde batetik, Iñigo Urkullurena, eta bestetik, Laura Mintegirena. Bietako batek ere ez omen du gehiengo absoluturik izango eta, ondorioz, biharamunean bigarren bozketa bat egingo dute.

Bigarren bozketa horretan gehiengo sinplea nahikoa izango da lehendakari izendatzeko. Horrenbestez, abenduaren 13ko saioan aukeratuko dute Iñigo Urkullu lehendakari, EAJko 27 legebiltzarkideen botoen babesarekin.

Emilio Olabarria Bloga