LAUDIO

Prentsa Aretoa

2016/05/21

Ortuzarrek gasteiztarrak gonbidatu ditu U26an Madrilgo “zarata eta iskanbilaren artean” eta “EAJ ereduak” Euskadin eragiten duen akordio giroaren artean ezberdintzera

EBBren presidenteak eta Mikel Legardak, Kongresurako Arabako zerrendaburu jeltzaleak, EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizen dituen lau Uri Erakundeek antolatutako lan jardunaldian parte hartu izan dute gaur.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Vitoria-Gasteizeko hiritargoari eskatu dio ekainaren 26an azken lau hilabetetan plantak eta itxurak egiten ibili diren alderdien artean eta EAJ-PNVren artean ezberdintzea, azken honek Madrilen euskal interesak aldezteari ekin diolako eta Euskadin ere elkarrizketa eta ondorio arrakastatsuak ekarri dituen akordio politika praktikatzen aritu izan delako. Ortuzarrek eta Mikel Legardak, Kongresurako Arabako zerrendaburu jeltzaleak, gaur, Landaburu Etxean, Vitoria-Gasteizen etorkizunaz hitz egiteko antolatu den 'world cafe' izeneko batean parte hartu duten ehun bat pertsonei hitz egin diete. Bertan izan diraRamiro Gonzalez Ahaldun Nagusia, Arabako Batzar Nagusietako dpresidentea Pedro Eloregi; eta Arabatik Senaturako zerrenda buruan, Almudena Otaola.

“Gaur gasteiztarrak gonbidatu nahi ditut minutu batzuetan Rajoy, Sánchez, Iglesias edo Riverarengan konfiantza izateak merezi ote duen hausnartzera, berriro ere, zuen botoei horren erabilera lotsagarri eta berekoia eman diezaieten. Beren buruari galde diezaiotela gure konfiantza merezi ote duten. Nik argi eta garbi daukat: Rajoy, Sánchez, Iglesias eta Rivera ez dira fidatzekoak. Erakutsi egin dute. Beraien gauzetaz baino ez dira arduratzen, ez dira gure gaietaz arduratzen. Ni ez naiz horietaz fidatzen”, esan du jeltzaleen buruak 'Lau Magnifiko' izenez deitu dituenek abenduaren 20tik hona egin dutena deskribatu baino lehen. “Elkarri mokoka aritu izan dira, nahiago izan dute negoziaketek porrot egitea beren aurkari politikoak are gehiago gal zezan. Lau hilabete eta emaitzarik ez. Eta hiritargoa babesik gabe. Akordio garrantzitsu bakar bat ere ez”, deitoratu du. “Eta ez da izango EAJren aldetik saiatu izan ez garelako. Madrilera ekimen, proposamen, galdera eta abar luze bat eraman dugu… Industria ministroari exijitu diogu euskal altzairugintza sektorea aldez dezala; Sustapen ministroari exijitu diogu, funtzioko egoeran izan arren, bere funtzioak bertan behera utz ez ditzala, ezta euskal 'Y' trenbidearen eraikuntzarekin eta martxan jartzearekin hartu zituen konpromisoak ere, konpromiso horien barruan gure hiriburuetarako sarrera arin ere erosoak ere badirelarik; Justizia arintzea eskatu dugu; garapenerako nazioarteko lankidetza bultzatu dugu; 'betirako espetxe zigor berrikusgarria' izena hartu arren betirako espetxe zigorra den eufemismoaren kontra borrokatu dugu”, esan du Ortuzarrek. “Hori eta askoz gehiago egin dugu, baina basamortuan deiadar egitea bezalakoa zen. Dena zen zarata, intxaur bakarra ere ez zegoen. Haiek 'Lau Magnifikoak' beren gauzetaz arduratzen egon dira, hauteskundeen errepikapenei begira irteera-arrapalan ahal zuten tokirik onena hartzen. Disimulatzen ibili barik. Eta horixe izan da eskaini diguten ikuskizuna: lotsagarria”.

Espainia mailan dagoen paralisiaren aurrean, Euskadik ez dio aurrera egiteari utzi. “Beraiek zalaparta eta iskanbila hutsean aritzen ziren bitartean, platotik platora zebiltzan bitartean, hemen, Gasteizen, Euskadin, hitz egiteko, eskua luzatzeko emateko eta adosteko gaitasuna erakutsi izan dugu. Horra hor Udal Legea edo alderdi guztiak Euskal Udalen Elkartearen zuzendaritzan sartzeko adostu dugun akordioa. Horra hor Euskadi eta Nafarroako gobernu biek izenpetu duten lankidetza protokoloa, ahaidetasun loturak dituzten erkidego bik elkarri bizkarra emanda bizi diren hamarkadei amaiera emateko balio izan duen izenpea. Horra hor, urtarrilean Vitoria-Gasteizeko udalean onartu den aurrekontua, alderdi guztien oniritziarekin... PPrena izan ezik, Marotoren PP, horretan ere jokoz kanpo geratu baitzen. Eta ez gara horretan geratuko. Epe laburrean Gorka Urtaranen gobernua sendotu ahal izatea espero dugu”, iragarri du. “'EAJ eredua' ez dator bat iskanbilarekin, adierazpen zalapartatsuekin eta batzuek politika eta erakundeen kudeaketa bihurtu nahi duten lokatzetan zikintzearekin. Gu lan egiten dutenetakoak gara, oztopoak jartzekoak baino, eraikitzearen aldekoak gara”, esan du Ortuzarrek.

Mikel Legardak Kongresurako Arabako zerrendaburuak era berean salatu du Espainiako lau alderdi handiek akordioetara iristeko ezintasuna erakutsi dutela. Legardak azpimarratu duenez legealdiak iraun duen lau hilabetetan “Diputatuen Kongresua ganbera legegilea baino 'reality show' bat grabatzen den telebistako platoa izan dela. Batzutan, zoroetxe zalapartatsua izatera ailegatu da. Azken bost hilabeteotan Alderdi Popularraren funtzioko gobernua izan dugu eta salbuespen Estatu konstituzionala baino ez dute proposatu Kongresuaren aurrean bere jardueraren azalpenak emateari uko egin diotelarik; funtzioko gobernua bai, baina asmo zentralizatzailearekin; Eusko Legebiltzarraren legeen eta Eusko Jaurlaritzak onartutako arauen kontrako errekurtsoak aurkeztuz eta arauak eta legeak indargabetuz; PPren funtzioko gobernua bai, baina 'mozal legea' aplikatzen eta Nafarroan EITBren seinalea eta catalunyar banderak debekatzen; Arabaren kontra egin duen funtzioko gobernua”. Arabako hautagai jeltzaleak azpimarratu duenez, “hori guztia gertatzen zen bitartean, Euzko Alderdi Jeltzaleak agindutakoa bete du Madrilen, hau da, 'euskal agenda' defendatu du. 'Euskal agenda', bai, eta ez 'EAJ-PNVren agenda'. Han egon ginen legebiltzar talde indartsu, kohesionatu, errespetatu eta serioarekin. Gure eskuan jarritako erantzukizunarekiko konpromisoarekin: Madrilen arabar herritarren ordezkariak izatea, euskal herritarren ordezkariak izatea”.

Emilio Olabarria Bloga